Arte eta arkitektura

 
Landalur zonaldeko Elizatea denez, baserriek eta tradiziozko kulturari atxikituriko elementuek osatzen dute bere ondare arkitektonikoa. Baserrien artean XVI. mendearen azken aldera eraikitakoak aipa ditzakegu: Martiñena (Andraka) eta Ugartegoiko. Azken honek estalki handia du, teilatua alde bietara duela, erdiko tantaia eta egitura zurezkoa duena. Geroago harriz eraikitako honako baserri hauek: Basterrakoetxe, Beitzu (Urizar), Ibergone (Andraka), Sañone eta Palazio (Urizar). Palazio baserriak armarria dauka etxaurrean.
 
Aipagarri dira udalerriko erreken barrena agertzen diren errotak. Bi kilometroko ubidean hamaika ur-salto agertzen dira. Errotak: Armintzekalde, Dendariena, Artekoerrota, Aurtenekoerrota, Errotatxu, Agirrekoerrota eta Gibelerrota eta burdinola bi: Olatxu eta Olalde.