Albisteak

 

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkariak, 2014ko abenduaren 26an, ostiralean, argitara eman zuen 246. zenbakian Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburuaren 2014ko abenduaren 17ko AGINDU bat, diru laguntza jakin batzuei buruzkoa dena. Agindu horrek arautu egiten du Reone programaren 2015eko deialdia, etxebizitzak eta eraikinak eraginkortasunez birgaitzekoa dena. Programa horren bidez, hain zuzen ere, diru laguntzak emango dira Euskal Autonomia Erkidegoko eraikinen ondarean esku hartzeko proiektuak landu eta proiektuotatik eratorritako obrak egiteko.

Hona hemen diruz laguntzen diren jardunak:

• Eraikinaren hobekuntza energetikoa hobetzea
• Irisgarritasuna hobetzea
• Suteen aurkako segurtasun baldintzak hobetzea
• Bizigarritasun baldintzak hobetzea
• Monitarizazio energetikoa

Agindu hori Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hiru hileko epea izango da eskariak aurkezteko.

Hauexek dira laguntzak:

• Txostenak, ziurtagiriak eta proiektuak idazteko.

Dokumentuok idazteagatiko ordainsarien %70 emango da, betiere aurkeztutako aurrekontuaren arabera (zergak kanpo direla).

•  Obrak egiteko:

Diruz lagun daitezkeen jardunen %50 emango da, betiere aurkeztutako kontrata aurrekontuaren arabera (zergak kanpo direla). Birgaitze integratuko areetan edo bizitegi area degradatuetan egingo diren jardunetarako, zenbatekoa izango da diruz lagun daitezkeen jardunen % 60, betiere aurkeztutako kontrata aurrekontuaren arabera (zergak kanpo direla).

Adierazitako ehunekoen baturaren gehienezko muga bat ezarri da, eragiketa honen arabera kalkulatua: esku-hartze proiektuaren aplikazio-eremuan dauden etxebizitzen kopurua bider 15.000 euro. Birgaitze integratuko areetan edo bizitegi area degradatuetan egingo diren jardunetarako, zenbatekoa eragiketa honen emaitza izango da: esku-hartze proiektuaren aplikazio-eremuan dauden etxebizitzen kopurua bider 18.000 euro.

Diru-laguntzak lehiaketa bidez esleituko dira, aurrekontu-kreditua agortu arte.