Albisteak

 

Uda heldu eta batera, hondartzetara joaten hasiko gara, udaldiaz gozatzearren. Eta hara goazenean, begirunea erakutsi behar diogu geure ingurumenari: sortzen ditugun hondakinak jasoz eta horiek hondartzetan jarritako paperontzietan utziz.

Arazo eta zikinkeria gehien sortzen dituzten hondakinetako bat zigarro puntak eta errautsak dira; izan ere, normalean, hondarraren gainean uzten ditugu zuzen zuzenean.

Horregatik, bada, Uribe Kostako Zerbitzu Mankomunitateko Kontsumo Saila eta Jasangarritasun Saila (EKOGUNE) herritarrak sentiberatzeko kanpaina egiten ari dira hondartzak garbi izan daitezen, eta horretarako, hondartzarako hautsontziak banatzen ari dira.

Lemoizen, Hautsontziok Udaltetxean eta  Kultur Etxean lortu daitezke, agortu arte.

Nonahi aurkitzen ditugu zigarro puntak, gure herriak, hondartzak, basoak… zabortegiak balira bezala. Baina ez da zikinkeria bakarrik. Ohitura horren ondorioak urrunago doaz.

Zigarroen iragazkiak (mutxikinak, puntak) EZ DIRA biodegradagarriak, hau da, degradatu baino lehenago, hamarka urtetan egoten dira gure ingurumenean. Zigarro-puntak milaka osagai dituzte, eta horien produktu kimiko pozoitsu disolbagarriek ingurumena kutsatzen dute. Zigarro mutxikinak zabor kausarik handiena dira munduan. Zigarro-punta bat lurrera botatzen dugunean, euriak ur iturriraino eramaten du. Heltzen diren milioika mutxikinek askatzen dituzten produktu kimikoek kalte egiten diote ekosistemari eta txartu egiten dute uraren kalitatea.

 Txarto itzalitako zigarro puntak suteak eragin ditzakete bai basoetan, bai landetan, baina baita herrietako bideetan ere.

 Animalia askok zigarro-puntak irensten dituzte janaria direlakoan; txori gazteen, dortoken eta itsasoko zenbait animaliaren urdailetan aurkitu dira horrelakoak. Eta horrek liseriketa sistemaren blokeoa eragin diezaieke, baita heriotza bera ekarri ere.

 Haizeak eta euriak ur guneetara eramaten dituzte mutxikinok, eta hor, iragazkian dauden produktu kimiko pozoitsuek mehatxu egiten diete uraren kalitateari eta uretako hainbat bizitza moduren kalitateari.

 Umeek, nahi gabe ere, irentsi ahal dituzte, eta ondorioz, goragaleak, logurea edo konbultsioak sortu ahal zaizkie.

 Zigarro-punta batek 8 litro ur kutsa dezake

o ez inoiz zigarro puntarik bota komuneko zulora
o itzali beti ondo zigarroa eta, gero, bota zaramara