Basabe eta Ansok eraman zuten zilarra Pala Motzeko Elitean
Altuna eta Garatek irabazi zuten, iragan igandean, Armintzan jokatu zen Eliteko Pala Motzeko finala, Basabe eta Anso gainditu ondoren (40-28). Haseratik lortutako 12-0 partzialez baliatu ziren garaileak alde berori mantentzeko azkenerarte. Altunaren seriotasunak eta Garateren ziurtasunak behin eta berriro behartu zituzten Basabe ezkerrez sartzera eta Anso errebotetik pilotak bueltatzen. Ezin esan, dena den, hauek ere mailarik eman ez zutenik, haserako aldea mantentzeko gai izan zirelako.
Hirugarren plaza lortzeko lehia ere ez zen makala izan. Partida osoan ia erabateko oreka mantendu ondoren, Prieto eta Oterok galdu egin zuten Alonso eta Bagazgoitiaren aurka (35-40) azken hauei emanez lehiaketako brontzea.