Albisteak

 

Koronabirusaren osasun krisiaren aurrean, Bizkaiko Gurutze Gorriak, Gorliz, Plentzia eta Lemoizko udalekin koordinatuta, erantzun bakar, eraginkor eta gertukoa ematen die bertako biztanleei boluntarioen kudeaketan. Gorlizko kiroldegia lanerako gune gisa egokituko da, Bizkaiko Gurutze Gorriak hiru udalerrietan bakarrik bizi diren adinekoei eta egoera zaurgarrian dauden kolektiboei laguntzera bideratutako boluntarioak koordinatu ditzan. Gorlizko zentroak bat egiten du Bizkaiko Gurutze Gorriak Uribe Kostan dagoeneko dituen lanerako puntuekin: modu iraunkorrean funtzionatzen duen Getxoko eskualde batzarra, eta egoera horren aurrean Sopelan egokitu den aldi baterako puntua.

Gorlizko espaziotik, erakunde humanitarioko boluntarioek hainbat kudeaketa egin ditzakete; izan ere, erabiltzaileei telefono-deiak egiteko eta elikagaiak, higieneko oinarrizko artikuluak eta asistentzia farmakologikorako sarbidea antolatzeko aukera ematen dien ekipamendu teknologikoa dute: paziente kronikoei zuzenduta batez ere, eta sendagileak agindutako botiketara mugatuta, beti ere.

Zerbitzua etxez etxeko laguntza eskaintzean datza, berrogeialdiaren eraginpean edo konfinamenduan dauden adinekoei, batez ere, baina baita isolamenduan dauden gazteei eta egoera bereziki zaurgarrian dauden gainerako pertsonei ere. Gainera, telefono bidezko jarraipena egingo zaie kolektibo horiei, babesa eta hurbiltasuna eskaintzeko eta prebentziozko funtsezko mezuak eta iturri ofizialetako informazioa zabaltzeko.

Era berean, udalerri horietako herritarren batek laguntza hori behar badu, Bizkaiko Gurutze Gorriarekin harremanetan jar daiteke horretarako prestatu den 688.713.430 telefono zenbakira deituz.

“Asko dira COVID-19aren ondoriozko krisiaren eragina jasaten ari diren eta gure laguntza behar duten eta egoera zaurgarrian dauden pertsonak. Modu eraginkorrean laguntzeko, Administrazioaren esanetara gaude, eta Gorlizko, Plentziako eta Lemoizko Udalekin batera aurrera eramaten ari garen ekimenak agerian uzten du kolektibo ahulenen ondoan egoteko dugun borondatea, inoiz baino gehiago behar gaituztelako. Hori ez litzateke posible izango egoera konplexu honen aurrean lagun ditugun boluntarioen lan geldiezina hor egongo ez balitz”, adierazi du Victor Gutierrez Bizkaiko Gurutze Gorriko presidenteak.

Boluntarioak biltzea
Norbaitek zerbitzu berri horrekin lagundu gura badu, borondatezko alta eman dezake www.cruzrojabizkaia.org webgunearen bitartez, #BizkaiaGara izeneko laguntza sarearen bidez (bizkaiagara@bizkaia.eus) edo 944.165.511 telefono zenbakira deituz. Era berean, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailaren jarraibideen esanetara, Guztion Artean izeneko elkartasun sare antolatua ere badago. Azken horrekin harremanetan jartzeko telefono zenbakia 945.222.222 da.