Albisteak

 
Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Politiketako sailak 2010a geroztik "116 111 ZEUK ESAN" haur eta nerabeei zuzendutako doako telefonoa dauka martxan.

Zerbitzu hau anonimoa da eta ez du arrastorik uzten fakturan. Halaber, profesional adituz osatutako talde batek erantzuten die haurren eta nerabeen kontsultei. Haurren kezka edo intereseko gaiei buruzko orientazioa, aholkularitza edo informazioa eman, eta kontsultak ebazteko dagokion zerbitzura bideratzen dituzte.

Era berean, helduek (gurasoek, hezkuntza eremuko profesionalek…) ere erabil dezakete zerbitzu hau, beren inguruan haur edo neraberen bat babesik gabe dagoela jakin edo sumatzen dutenean.

Bestalde, Familia Politikako eta Aniztasuneko Zuzendaritzak, zerbitzuaren ezagutza maila handitzeko asmotan, zerbitzuaren irudi berria landu du eta horri lotuta material berria (bideoak, pegatinak, kartelak…) ere sortu du. Guzti hori eskuragarri dago www.euskadi.eus/zeukesan web orrialdean. Material guzti hori Euskal Autonomia Erkidegoko haur eta nerabeen artean banatuko da udazkenean, ikastetxeen bitartez.

Horiek horrela, asko eskertuko genizueke, ahal duzuen neurrian, zerbitzu hau zuen herrian zabaltzea (udaleko web gunean, sare sozialetan, erakundeko aldizkarietan, ludoteketan…).

Bukatzeko, informazio gehiago nahi izanez gero jar zaitez kontaktuan zerbitzu honen teknikari arduradunarekin (e-galletebeitia@euskadi.eus edo 945 01 93 61).