Albisteak

 

Azken saioan erabaki dira aurten Etxebarriko Pazkuetako idi probak. 48 untze eta 3/4 eginda Lemoizko Sidreria Andrakasek eraman ditu 65. Sari Handiko mantak. Dema estua egon da aurten. Lehen postuetan, esaterako, hiru laurdeneko distantzia horrek eman dio garaipena Sidreria Andrakasen idi bikoteari. Bigarren Txomin Renteria gelditu da 48 untza justu eginda eta hirugarren Garagarzaren idi parea gelditu da, 46 untza eta erdi osatuta.

Guztira 23 idi bikotek jokatu dute martxoaren 29an hasi zen Etxebarriko idi dema ezaguna, eta zazpi saio jokatu dira Etxebarriko plazan. Apirilaren 1ean jokatutako saioan ezarri zuen 48 untzako marka Bakioko Txomin Renteriak eta azken saiora arte inork ezin izan du hautsi. Emozioa beraz, azken momentura arte mantendu da.

Astelehen [apirilak 9] gaueko saioagaz amaitu ziren idi probak, eta amaitutakoan banatu zituzten sariak. Irabazleak 1.600 euroko saria, mantak, txapelak eta garaikurra jaso zituen, bigarrenak 1.400 euro eta garaikurra eta hirugarrenak 1.200 euro eta garaikurra.

Lea-Artibaiko lehenengoak ere, Roberto Erkiaga Usaisti berriatuarrak, ere eraman zuen saria: 300 euro eta akuilu sorta. Horrez gain, Ramon Ibarzabal Iketza akuilaria omendu zuten eta txapela eman zioten opari.