Albisteak

 

Lemoizko Udalak AEK Euskaltegiarekin elkarlanean gurasoentzako eta aiton-amonentzako Euskara ikastaroetan izena emateko epea ireki berri du. Taldea sortuko balitz, klaseak –bereziki nagusiek euren seme-alabak eta ilobak euskaraz ulertzeko zuzenduta daudenak, baita eskola lanetan eta ohiko bizitzan ere haiei laguntzeko - Lemoizen bertan emango lirateke.

2016-2017ko ikastaro honetan Lemoizko Udalak, Euskararen erabileraren alde apostu finkoa egin ondoren, ahalegin ekonomiko izugarria egin berrri du eta pasa den urteko 90orduko ikastarotik aurten 120 ordukora pasako du, eskaintza hobetuz.

Apuntatu nahi izanez gero, Gorliz, Plentzia edo Urdulizko AEK euskaltegietara jo dezakezue (astelehenetik ostiralera, 10.00etatik 13.00etara, eta 17.00etatik 20.00etara). Han bertan informazio gehiago eskura izango duzue. Ikastaroa dohakoa izango da. Ikastaro hauek 2017ko ekainean bukatuko dira. Hortaz, ikasturte osoko iraupena izango dute. Apuntatzeko epea urriaren 14ean  bukatuko da, kurtsoa urriaren 18an hasiko baita. Ez galdu aukera!

Bestalde, gogora ezazue larunbatetan Lemoizko Udalak bultzatutako ‘Euskaraz Olgetan’ ekintzan parte har dezakezuela. Jarduera honek gurasoak eta umeak elkarrekin euskaraz jolastea du helburu eta, bidenabar, euskararen erabilera bultzatzen saiatzen da.  Beraz, larunbatero -urriaren 1era arte- 17.30etatik 19.30etara Armintzara hurbil zaitezkete tailerretan parte hartzera. Egitaraua osoa kontsultatzeko, jo web guneko home orrira.

Anima zaitezte!