Albisteak

 

Lege aurrerapen handia egin den arren, sexu orientazioaren eta genero identitatearen aniztasuna oraindik ere bada diskriminazioa, estigmatizazioa eta gizarte bazterketa eragiteko arrazoia. Era berean, jarrera homofoboak berpizten ari dira gure gizartean, eta jarrera horien bidez ahaleginak egiten dira heterosexismoa berresteko, aukera afektibo sexual bakarra balitz bezala.

Udal honek gogor gaitzesten ditu lesbianen, bisexualen, transexualen eta intersexualen kontrako diskriminazio eta indarkeria mota guztiak. Horregatik, bada, funtsezkoa da erakunde publikoek hainbat politika eta ekintza bultzatzea pertsona homosexual eta transexualen eskubideak defendatzeko eta sexu jazarpena, sexismoa, sexu erasoa eta homofobia prebenitzeko.

Era berean uste du funtsezko eta beharrezkoa dela bai sexualitatean eta bai afektibitatean normaltasunez hezitzea, betiere pertsona guztien aniztasun afektibo sexuala errespetatuz.

Lemoizko Udalak bat egiten du gay, lesbiana, transexual, bisexual eta intersexualen eskubideen berdintasunaren alde eta diskriminazioaren aurka abian den gizarte aldarrikapenarekin. Eta, Lesbiana, Gay, Transexual, Bisexual eta Intersexualen Askapenerako Nazioarteko Eguna dela eta, dei egiten die herritarrei ekainaren 28an antolatuko diren ekitaldietan parte har dezaten.