Albisteak

 

Euskararen Nazioarteko Eguna abenduaren 3an ospatzen da, hau da, Xabierreko Frantzisko egunean, baina data horren jatorria Eusko Ikaskuntza erakundeari estu lotzen zaio.
Lehenengo Euskararen Eguna duela 50 urte baino gehiago ospatu zen, 1949an, Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan Ipar Euskal Herrian ez ezik, Parisen, Mexikon, Caracasen, New Yorken eta beste leku batzuetan ere ospatu zen Euskararen Eguna. Geroztik, urtero egin da egunaren ospakizuna Xabierko Frantziskoren egunean beti ere.

1995ean, kanpoko Gizataldeen Lehen Mundu Biltzarrean, Uruguaiko Ordezkaritzak egunaren berrindartzeko proposamena egin zuen. Diasporako euskaldunek egun handitzat zutena Euskararen Egun ofizial izendatzeko eskatu zuten uruguaiarrek.
Eusko Jaurlaritzak eta Euskaltzaindiak ontzat eman zuten proposamena eta abenduaren 3a, Xabierko Frantziskoren eguna, Euskararen Eguna izendatzea erabaki zuten.

Lemoizen ere euskaldunentzako hain garrantzitsua den egun hori ospatu nahi dugu, egunero euskaraz bizi nahi dugula adierazteko. Ekintza desberdinak antolatu ditugu, biztanle guztientzako: abenduaren 1ean euskara eta euskal mitologiaren inguruko hitzaldia, abenduaren 2an ipuin-kontalaria, abenduaren 3an diskofesta eta txokolatada herrikoia; eta azkenik, abenduaren 5ean, Barry Barrezen bakarrizketa, herritar guztiek Euskararen Eguna ospa dezaten.

Ospakizunez aparte, euskara urteko 365 egunetan hitz egin, entzun, maitatu, bizi… egin beharko genukeen hizkuntza da. Oso garrantzitsua da umeek euskaraz ikasi eta hitz egin dezaten, haien izango baitira etorkizuneko euskaldunak eta euskararen transmisioa bermatuko dutenak; baita gurasoek hizkuntza hau ikastea, eta ume, lagun, ezagun edo familiarekin hitz egitea.

Unai Andraka
Lemoizko Alkatea

 Kartela ikusi (PDF 75KB)