Albisteak

 

Lemoizko Udalak AEK Euskaltegiarekin elkarlanean gurasoentzako eta aiton-amonentzako Euskara ikastaroetan izena emateko epea ireki berri du. Taldea sortuko balitz, klaseak
–bereziki nagusiek euren seme-alabak eta ilobak euskaraz ulertzeko zuzenduta daudenak, baita eskola lanetan eta ohiko bizitzan ere haiei laguntzeko - Lemoizen bertan emango lirateke.

Apuntatu nahi izanez gero, Gorliz, Plentzia edo Urdulizeko AEK euskaltegietara jo dezakezue (astelehenetik ostiralera, 17.00etatik 20.00etara). Han bertan informazio gehiago eskura izango duzue prezioari eta ordutegiei dagokienez, besteak beste. Ikastaro hauek 2016ko ekainean bukatuko dira. Hortaz, ikasturte osoko iraupena izango dute. Apuntatzeko epea urriaren lehenengo egunetan bukatuko da. Ez galdu aukera!

Bestalde, gogora ezazue astelehenetan ‘Euskaraz Olgetan’ ekintzan parte har dezakezuela, Uribe Kostako Mankomunitatearekin batera antolatzen duguna. Jarduera honek gurasoak eta umeak elkarrekin euskaraz jolastea du helburu eta, bidenabar, euskararen erabilera bultzatzen saiatzen da.  Beraz, astelehenero -azaroaren 2ra arte- 17.00etatik 19.00etara Armintzara hurbil zaitezkete tailerretan parte hartzera. Datorren astean (irailaren 28an) ‘Euskal dantzak eta Musika jolasak’ izango dituzue. Egitaraua osoa kontsultatzeko, jo Udal web gunera.

Anima zaitezte!

Lemoizko Udala