Albisteak

 

Lemoizko Udala udalerrirako proiektu bat prestatzen ari da, udalerriko hirigintza, genero ikuspegipean, aztertu eta hobetzeko. Eta horren berri emateko, hain zuzen ere, harremanetan jarri da herritarrekin.

Aztertu nahi dugu andra gizonok nola erabiltzen dugun herria, eta zein beharrizan dugun batzuok eta besteok. Azterlanaren ondorioz, bermatu beharko litzateke  beharrizan horiek guztiak era berdintsuan estalita egotea. Horrela, herria, lagunkoiagoa izatea lortzeaz gain, hobeto egokituko da herritarren beharrizanetara (garraioa, ekipamenduak, kaleko altzariak, herriaren banaketa, eraikiko diren etxebizitzen ezaugarriak eta seguru sentiarazten lagunduko digun hiri diseinua).

Azken batean, Lemoiz inklusiboagoa lortu nahi dugu, bertan bizi garen pertsonen eguneroko bizimodua aurrera eramateko egokiagoa izan dadin eta egunean egunean pertsonen egitekoak eta zaintza errazagoak izan daitezen.

Horretarako, funtsezkoa da herri honetan egunero bizi garen eta bertako zerbitzuak erabiltzen ditugun pertsonen iritzia. Horrela, diren hainbat egoera eta baldintzatatik abiatuta, gutako bakoitzak oraingo udalerriaz duen balorazioa eman ahal izango du, eta denon artean hausnartuko dugu nolako hiria eraiki nahi dugun etorkizunerako.

Xede hori begi bistan dugula, partaidetzazko prozesua antolatu dugu, herritar guztiei irekita. Prozesuak bi fase ditu: Lehenengoan, elkarrizketak egingo dira; eta bigarrenean, kafe eztabaida.

Elkarrizketak telefonoz egingo dira: hor, elkarrizketatzaileak galdetuko dio elkarrizketatuari nolako esperientzia izan duen Lemoiz erabiltzen, eta, ondoren, horri buruzko iritzia eskatuko dio. Kafe eztabaidan, berriz: lehenengo eta behin hitzaldi bat emango da, eta bertan azalduko da nolakoa den herri lagunkoi eta inklusiboa eta zein harreman duen generoak hiriaren erabilerarekin. Atsedena hartuko dugu kafea eta pastak hartzeko, eta, segidan, hainbat lan taldetan banatuta hitz egingo dugu: ea gure ustez zer den aldatu behar dena eta nola egin beharko den hori. Amaitzeko, denon aurrean azalduko ditugu gure gogoetak, bai eta kontsentsuatu ere. Ateratzen diren ondorioak hirigintza politikak planifikatzeko erabiliko dira.

Aukeratzen dituzun egun eta orduan egingo dira elkarrizketok, eta, nahi baduzu, aurretik, hitz egin beharreko gaien gidoia jaso ahal izango duzu. Kafe eztabaida maiatzaren 9an izango da, 18:00etan, Kultur Etxean, betiere gutxieneko parte hartzaile kopurua lortzen bada.

Jarduera horietako batean —edo bietan— parte hartu nahi baduzu, izena eman 946879025 telefonora deituta edo administrazioa@lemoiz.net helbidera posta bidalita; batean zein bestean, zure izena, harremanetarako telefonoa eta parte hartu nahi duzun jarduera zehaztu beharko dituzu.